Kaixo euskaltzale!
Gure hirian bost urte beteko dituen Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko gonbitea luzatzeko idazten dizugu. Urterik urte sarea handituz doa eta dagoeneko 600 lagunok osatzen dugu eta zu gurekin nahi zaitugu!
Mintzalagunaren helburua euskararen normalkuntzan eragitea da, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak hitz egiteko ohitura edo aukera ez dutenekin elkartuz.
Besteak beste, hitz egiteko jariotasuna eskuratzea, euskaraz mintzatzeko motibazioa eta ohitura txertatzea eta harreman sare euskaldunak ehuntzea dugu helburu.
Etxeko hizkuntza-ohituretan eragiteko asmoz gainera, Gasteizko 15 ikastetxetan, Adurtza Ikastola tartean, gurasolaguna aldaera eskaintzen dugu. Gurasolagunak ikastetxe bereko gurasoak euskaraz hitz egiteko elkartzen ditu, gutxienez astean behin ordubetez, partaideek erabakitzen duten toki, egun eta ordutegian.
Asteroko hitzorduaz gain, beste taldeetako kideak ezagutzeko eta seme-alaben partaidetza bilatuz ekintza osagarri desberdinak antolatzen ditugu: mendi irteerak, tailerrak, txango kulturalak, jaiak...
Ikasturte berri honetan izena-emateko epea urriaren 3tik 15era luzatuko da. Izena emateko esku-orriak Ikastetxean bertan topatuko dituzu Ikasberri Guraso Elkartearen bulegoan, baita Gasteizko gizarte etxeetan ere. www.gasteizkomintzalaguna.com web-gunean ere matrikulatzeko aukera duzu. 2011/2012 ikasturteko kuota 12 €-koa da.
Mintzalaguntzaileak ere behar ditugu taldeak osatzeko, euskara jariotasunez hitz egiten baduzu, apunta zaitez !!!
Honebestez, gurasolaguna egitasmoko partaide izatera animatzen zaitugu, Gasteizen euskara gehiago erabili eta entzun dadin!
ZU GABE EZIN, ZATOZ ETA EGIN!
*Parte hartzeko baldintzak: Euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea (6.urratsa edo baliokidea) eta astean behin ordubete inguru zure taldearekin biltzeko konpromisoa hartzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario